Abenduaren 9an prentsaurrekoa eskaini dute Zarauzko Udalak eta Urola Kostako Udal Elkarteak Urteta zabortegian. Alejandro Vazquez Zarauzko Udaleko zinegotziak eta Lide Amilibia Udal Elkarteko lehendakariak eman dituzte ekimenaren inguruko xehetasunak.
Azken urteotan Urola Kostako Udal Elkarteak, Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat azterketa eta ekimen bideratu dituzte Urteta zabortegiko kaioen poblazioaren hazkundeari aurre egiteko.
Jakina denez, azken urteotan nabarmen hazi da kaioen poblazioa eta horrek, Urteta zabortegian ez ezik, hainbat arazo eragin ditu, bereziki, Zarautzen.
2009ko martxoan, Udal Elkartearen eskariz, IKT aholkularitza-enpresak honako azterketa egin eta aurkeztu zuen: "Txostena: Urteta zabortegian kaio hankahorien poblazioa kudeatzeko esperientziak". Txosten horren arabera, kaioen poblazioa murrizteko biderik eraginkorrena ehiza-hegaztiak (egun argi den ordu guztietan eta urteko egun guztietan) eta kaioak uxatzeko bestelako neurri osagarriak erabiltzea da.
Hori dela eta, Urola Kostako Udal Elkarteak LOCUS AVIS,S.L. enpresa kontratatu du, "Urteta zabortegian kaioen poblazioa kontrolatzeko". Ekimen hori bi hilabetez aplikatuko da, kaioen poblazioa kontrolatzeko neurri horren eraginkortasuna neurtu eta etorkizunean lan nola egin finkatzeko plangintza egiteko.
Ekimen horren helburua da egunero Urteta zabortegira janari bila hurbiltzen diren Larus s. motako kaioen poblazioa kontrolatzea (bereziki L. Michahellis kaio hankahoria).
Ekimenaren bidez espezie horren ohitura aldatzea lortu nahi dugu. Zabortegia nahikoa janari erraz, seguru eta egunero lortzeko leku gisa hartu ordez, arriskuko leku gisa hartzea nahi dugu, hegazti harrapariak etengabe ehizan ari diren eremutzat, hain juxtu. Horren bidez, helburu nagusi hauxe lortu nahi dugu: kaioak janari bila barreiatzea eta Zarauzko hirigunean kaioak umatzeko koloniarik ez ezartzea.
Kaioen poblazioa kontrolatzeko ehiza-hegaztiak erabiliko ditugu, zetreriako teknikekin erakutsitako harrapariak hain zuzen ere. Hegazti horiekin egunero zetrerian adituak diren pertsonak ariko dira lanean. Ehiza-hegazti horiekin batera, osagarri gisa, beste baliabide batzuk ere erabiliko ditugu (alarma soinuak, material piroteknikoa, gas kanoiak eta suzko armak).
Bi hilabeteko saiakuntza honek etorkizunean zer eta nola jokatu erabakitzeko esperientzia emango digu, Urteta zabortegian kaioen poblazioa kontrolatu ahal izateko.
