Euskarak milaka aurpegi ditu, hiztunak adina. Lehengo aurpegiak, gaurkoak, zailduak, zainduak, apainduak, zartatuak, masail gorrikoak...
Udal Elkartearen eta eskualdeko udaletako euskara zerbitzuek bideratutako ekimenetan parte hartu duten pertsonen aurpegiak jaso nahi izan ditugu gehigarri honetan, asko direlako beren eguneroko bizimoduan hau, hori edo hura euskaraz egiteko ahalegina egiten dutenak. Egiten dutenak, egingo dutenak.
Udaletako euskara zerbitzuen eginkizuna da gizartean euskararen erabilpena sustatu eta normalizatzea, baina sustatzeak ez du askorik balio hiztunen ahalegin eta atxikimendurik gabe. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiegu orri hauetan agertzen diren (nahiz agertzen ez diren) eta beren esparruan euskaraz egiteko, gehiago egiteko edo ikasteko ahalegina egin duten herritarrei.
Batzuk gidabaimena euskaraz ateratzen ahalegindu dira; kirol elkarteko jarduna euskaraz izateko konpromiso sendoa hartu dute beste batzuek; saltokian euskara sustatzeko kanpainan parte hartu dute hainbat merkatarik; mintzalagun programan martxan daude hainbat talde; euskaltegian euskara ikasten ari direnen kopuruak gora egin du; haur etorri berriei laguntzeko programetan haur ugari dabil; toponimia jaso eta ezagutzera ematen aritu dira Zumaian edo herriko idazleen webgunea garatu eta elikatzen Zarautzen...
Eskerrik asko guzti-guztioi, zinez!
Euskararen Eguna izan dadila euskararen aurpegia alaitzeko.
Urola Kostako Udal Elkartea
Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako Udalak
